Funcor kooperatibari buruzko lanak irabazi du Ikerlari Gazteen Sariketa
2026/07/14
Durangaldeko Ikerlari Gazteen bosgarren deialdiak badu irabazlea. Andu Allande Moreno Basabe elorriarrak irabazi du, bere herrian bertan sorturiko Funcor kooperatibari buruz egindako ikerketa lanagatik. Kooperatibismoa. Kapitalismoaren barneko argi-izpi hutsala. Funcor kooperatibaren ibilbidea ardatz harturik eginiko ikerketa izenburua dauka aurkeztutako lanak.
Gerediaga Elkarteak 2022an ipini zuen martxan sariketa, Durangaldeko ondare, historia, kultura eta gizartearen zaintza, ikerketa eta zabalpenarekiko zaletasuna eskualdeko gazteen artean bultzatzeko helburuarekin. Durangoko Merinaldearen Amankomunazgoaren babesarekin garatu da aurten ere lehiaketa, eta horregatik, Idoia Otaduy presidentea ere egon da Morenori saria emateko hitzorduan, Gotzon Gomez Gerediagako presidentearekin batera. 1500 euroko saria jaso du elorriar gazteak.
Funcor kooperatibaren historian barrena
1955etik aurrera, Euskal Herrian hainbat proiektu kooperatibista jarri ziren abian eta giro horretan sortu zen Elorrion Funcor kooperatiba, Andoni Esparzaren eskutik. Esperientzia emankorra izan zen, 1970era arte iraun zuelarik. Galdategia edota nekazal makinaria saltzeko fabrika izatetik, beste hainbat egitasmoren sustatzaile izan zen: euskarazko herriko lehen ikastola, “arte” unibertsitatea, txirrindulari talde profesionala, Laboral Kutxa, edota Ama Lur euskarazko lehen film luzea, besteak beste.
Funcor kooperatibaren eragina aztertzeko eta historia biltzeko zenbait lan egin izan dira azken urteetan, eta 2022an jardunaldiak ere egin ziren Elorrion. Orain, Andu Allande Moreno Basaberen ikerketak ikuspegi berri bat eskaintzen dio kontakizunari: Funcorrek Elorrion izandako eraginean jartzen du begirada, eta horretarako orduko testuinguruaren azterketa egiten du.
Epaileen iritzia
Edizio honetako epaimahaia Iune Ruiz Taglek, Iruri Altzerreka Martinezek eta Peru Bilbao Lasak osatu dute. Euren iritziz, Morenoren lanak Durangaldeko historia garaikidearen pasarte garrantzitsu bat jorratzen du. “Ondo egituratua dago, bibliografia anitza dauka eta aurrez idatziz dokumentatu gabeko informazioak ere jasotzen ditu”, epaileen esanetan.