Durangoko azoka


Durangoko Azoka 1965ean Gerediaga elkarte sortu berriaren lehenengo egitasmoetako bat izan zen. Helburua zen frankismoaren diktadurapean Euskal Herriko liburugintza eta diskogintzako ekoizpena ezagutzera ematea, euskal literatura eta kantagintza garaikideari hauspoa emanez. Horrekin batera, kultur arloko eragileen topaleku izateko xedea ere izan zuen.

Kokapen ugari izan ditu Durangoko Azokak (Andra Mari elizpea, Merkatu Plaza eta orube ezberdinetan altxatutako karpak). 2003tik Landako Erakustazokan egiten da eta hitzordua abenduaren hasieran izaten da urtero.

Durangoko Azoka gaur egun liburuen eta diskoen azoka bat baino gehiago da. Azokak irauten duen egunetan artearen diziplina ezberdinek urte horretan eman dutena eskuragai eta ikusgai izaten da herri osoa hartzen duten espazioetan. Azoka sortzaileak eta beren lanak ezagutzeko lekua da, kulturzaleen topalekua da, eta argitaletxe, herri-eragile, herri-erakunde eta abarren agertokia da. Azoka egunetan Durango Euskararen eta euskal kulturaren “hiriburu” izendatzen dute zenbaitzuek.

Informazio gehiago Durangoko Azokaren webgunean: www.durangokoazoka.eus

alt

Durangoko Azokaren historian sakondu nahi izanez gero: T. Angoitia koord (2014): Durangoko Azoka 1965-2015. Gerediaga Elkartea.

INFO +