Sormen Beka musika proiektu bati eskainiko diote aurtengo Durangoko Azokan
2026/05/19
Durangoko Azokaren bueltan sustatzen den Sormen Bekaren deialdi berria iragarri dute gaur Gerediaga elkarteak eta Durangoko Udalak. Elkarren eskutik ipini zuten martxan egitasmoa 2018an, euskarazko ekoizpena eta sortzaile berrien lana indartzeko helburuz, eta dagoeneko bederatzigarren ediziora heldu da. Aurten, musika proiektu bat laguntzera bideratuko da beka.
Antolatzaileek beka deialdiaren oinarriak azaldu dituzte kazetarien aurrean. Sortzaile berriek parte hartu ahalko dute, banaka zein taldeka. Lana jatorrizkoa izango da, eta hitzak barne hartzen baditu euskara hutsekoa izan beharko da. Proposamenak aurkezteko irailaren 21era arteko epea egongo da, gerediaga@durangokoazoka.eus helbide elektronikora bidalita. Deialdiaren oinarriak durangokoazoka.eus webgunean daude eskura.
Epaimahaiak ebazpena landu ondoren, irabazlea aurtengo Durangoko Azokaren barruan emango dute ezagutzera, eta hautaturiko sortzaileak edo taldeak 15.000 euro jasoko ditu proiektua garatzeko. Gero, sormen lan horren emaitza 2027ko Durangoko Azokan aurkeztuko du jendaurrean.
Rol jokotik komikirainoko bidea, sorkuntza sustatzeko
2018az geroztik kultur sorkuntzako diziplina ugaritan kokatu da Sormen Beka. Iazko edizioan Gizaberetxoak. Joxe Azurmendiren joanak eta etorriak komikia (Usue Egia, Ainhoa Olaso eta Mikel Urdangarinek sortua) izan zen irabazlea, eta aurtengo Durangoko Azokan aurkeztuko dute egitarauaren barruan.
Hauxe da saritutako egitasmoen zerrenda:
2018: Atopia rol jokoa (Etzi Portu Maritimoa taldea)
2019: Baimenik gabe diskoa (Kai Nakairen)
2020: Bañolet ikus-entzunezkoa (Maia Iribarne eta Paxkal Irigoien)
2021: Barraka bideojokoa (Ibai Aizpurua)
2022: Eukalyptus antzezlana (Jon Ander Urresti)
2023: Argizagi. Zubiak adiskidetasunerantz haurrentzako telesaila (Marramiau sorkuntza taldea)
2024: Harien isla erakusketa (Irati Bazeta)
2025: Gizaberetxoak. Joxe Azurmendiren joanak eta etorriak komikia (Usue Egia, Ainhoa Olaso eta Mikel Urdangarin)