Mikel Sopelana elkarteko bazkideari eskerrak
2024/03/11
1965. urtean Gerediaga Elkartea sortu zenetik izan da elkarteko bazkide Mikel Sopelana. 18 urterekin, Durangaldearen historia, oraina eta etorkizunak arduratuta batu zen elkartera. Iurretako ordezkaria izan zen urte askotan elkartearen batzorde iraukorrean, eta 1973tik 1976ra zuzendaritza batzordeko kidea ere bai.
Gerediaga Elkarteko bazkide aktiboa izan da gaztetatik. Elkarteko zuzendaritzan beste batzuei erreleboa eman zienean ere jarraitu zuen ekintza ezberdinetan parte hartzen.
Gerediaga Elkartean eta Gerediaga Elkartetik kanpo, herrigintzan ekarpen handia egin du Mikel Sopelanak, bereziki Iurretan : herriko zinegotzia, Goiuria ikastolako sortzaile, kofradien idazkari, dantzari, abesbatzako kide…esparru askotan hazia ereindako gizona.
Horregaitik guztiagatik, Gerediaga Elkarteak eskerrak eman nahi dizkio Mikel Sopelana nekaezinari. 77 urtegaz martxoaren 7an zendu zen.