Juan Orobiogotia gogoratzeko ekitaldiak egingo dira Iurretan bere jaiotzaren 300 urteurrenean


2018/09/04


Herriko Lehen Letren Eskola sortzeko laguntza eman zuen

Irailaren 9an Perun eta 13an Iurretan egingo dira ekitaldiak

 

Irailaren 13an beteko dira 300 urte Juan Orobiogoitia jaio zela, Iurretako Orobiogoitia baserrian (1718-1794). Gazte joan zen Limara (Peru) eta merkataritzan jardun zuen hil arte. Ameriketan egindako diruen parte bat bere jaioterrian irakaskuntza hobetzeko erabili zuen. Berari zor zaio Iurretako lehen letren eskola, sasoirako aurrerakoiak ziren irizpideekin zabaldu zena. Irailaren 9an Perun eta 13an Iurretan iurretarra gogoratzeko ekitaldiak antolatuko ditu Gerediaga Elkarteak Iurretako Udalaren eta Juan Orobiogoita ikastetxearen laguntzarekin. Peruko ekitaldirako Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzendaritza izango da bidelagun.

 

IRAILAK 9, IGANDEA, LIMAN (PERU)
Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzendaritzako delegazio batek kooperazioko zenbait proiektu bisitatzeko bidaia egingo du Perura, tartean eskolak ere bai.

Bidaia hori aprobetxatuz, ekitaldi xumea egingo da Limako San Francisco komentuko “Euskal Nazioaren kaperan”. Bertan lurperatu zuen Juan Orobiogoitia. Horregatik, lore eskaintza egingo dute Ander Añibarro Eusko Jaurlaritzako Gazteria zuzendariak eta Itziar Irazabal Iurretako Gerediaga elkarteko kideak.

Irailaren 9koa data esanguratsua da Limako euskaldunentzat. Arantzazuko Ama da euren zaindaria 1612. urtean “Euskal Nazioko Zalduntxoen Anaiartea” sortu zutenetik eta urtero ospakizun eguna izaten da.

IRAILAK 13, OSTEGUNA, IURRETAN

Herriko gaztetxoentzat egurrezko jolasak atonduko dira Olaburu pilotalekuan, arratsaldeko 5etan hasita.

Arratsaldeko 7etan, Juan Orobiogoitiari buruz eta Perun finkatutako euskaldunei buruzko berbaldia eskainiko du Xabier Lamikiz Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak. Udaletxeko batzar aretoan izango da ekitaldia, eskola zaharra eraiki zuten lekuan Orobiogoitia gogoratzeko jarrita dagoen haritzaren aurrean dantzan egin eta gero.

BIOGRAFIA LABURRA: Juan Orobiogoitia Agirre

1718ko irailaren 13an jaio zen Oromiñoko Orobiogoitia baserrian. 11 urterekin umezurtz gelditu zen eta gazte zela Peruko Ciudad de los Reyes (gaur egun Lima) herrira joan zen. Zergatik Peru? Bada, XVIII. mendean Peruko merkataritza eta ekonomia euskaldunen kontrolpean zegoen. Tartean, Zornotzako Martin Zelaieta eta Iurretako Juan Batista Baquijano Beazkoa ziren merkatari entzutetsuenak.

Bere bizitzari buruz oso gutxi ezagutzen dugu. Merkataria zen ogibidez. Limako kontsulatuko epaitegiko kontseilaria izan zen eta “Hermandad de los Caballeros Hijosdalgos de la Nacion Vascongada”ko kidea ere bai. 1794ko irailaren 9an, 76 urterekin hil zen. Oinordekorik ez zuen izan, ezkondu ere ez zen egin. Bere testamentuan agintzen zuen bezala Limako San Francisco komentuan lurperatu zuten, Arantzazuko Amaren ohorez eraikitako Euskal Nazioko kaperako sotoan. Lima eta Iurreta sorterriko erakunde eta tokietarako funtsak utzi zituen.

Iurretari dagokionez Peruko 6.000 peso utzi zuen dirutan “hilzoriko kapera” eratzeko. Abade baten ardura izaten zen kapera horretan, hilzorian zeudenak olioztatu eta hil arteraino laguntzea. Gainera, Oromiñoko San Markos ermitan meza ematea ere bazen bere egitekoa. Era horretan, neguan parrokiaraino jaistea sahiesten zuten eta meza ostean katekesia euskaraz ematen zuten.

Beste 4.000 peso ere eman zituen Iurretako Lehen Letren Eskola sortzeko. Eskola 1801eko abenduaren 29an sortu zen eta sasoirako oso aurrerakoiak ziren irizpideekin zabaldu zituen ateak:

  • Maisua izateko baldintzak: “bizi onekoa”, tituluduna eta gaztelera zein euskaraz jakitea.
  • Maisuaren asteko lanorduak 34 eta urtean zehar 34 jai egun.
  • Maisua arduratuko zen ikasleei behar zuten materiala lortu eta saltzeaz, baina irabazirik egin barik. Orobiogoitia abizeneko ikasleak,baina, doan izango zituzten.
  • Udaletxeko batzar gela erabili zen eskolak emateko, eta mutil eta neskentzako eskola izan zen.

Juan Pedro Orozqueta Uribe-Salazar maisuaizan zen lehen irakaslea. Eskola zaharra 1972ra arte egon zen Iurretako plazan. Urte horretan, Espainiako Hezkuntza Ministeritzak eraikin berria egin zuen eta “Arzobispo Lauzirica” izena jarri zitzaion. 1997an, berriz, Iurretako Udalak eskolei izena aldatzea erabaki zuen Juan Orobiogoitiaren omenez. Gaur egun Haur eta Lehen Hezkuntza zentruak Maiztegi herri eskola izena du eta DBH eta Batxilergoa batzen dituen ikastetxeak Juan Orobiogoitia Institutua.

* Argazkian eskola zaharra, 1972 (Joseba Agirrek utzitakoa)