Jose Mari Uriarte Astarloa Gerediaga Elkarteko kidea zendu da
2020/04/17
Apirilaren 22an 65 urte betetzear zituela zendu da gaur, apirilak 17. Minbiziari ezin izan dio aurre egin eta bera zen moduan, zarata atera gabe, zendu da.
Gizon diskretoa izan da beti, kamera eta fokoen aurrean gutxi agertzen denetakoa. Nahiago izaten zuen berak kamera eskuan izatea. Eta ekina, Gerediaga Elkartean ezezik, Durangaldean aurrera atera diren ekimen ugaritan ibili da sustatzaile edo laguntzaile, eta gehienetan itzalpean – berak halan bilatuta -.
Ogibidez maisua – Zaldibar, Berriz, Iurreta eta Durangon -, afizioz argazkilari, historiazale eta idazlea. Mendia, trenak, argazkilaritza eta Durangaldeko eta Durangoko historia ziren bere denbora libreko ordu gehienetarako gaiak.
Gerediaga Elkartean 80ko hamarkadan hasi zen. Karguetatik eta urrun beti, ekarpena zenbatu ezina izan da elkarteko ekimen guztietan. Jon Irazabalekin batera, Durangaldeari buruzko dokumentazio bilketan, elkarteko argazki artxiboaren antolaketan, sasoi bateko Durangoko Azokako kartelen aukeraketan (1984. Urtekoa berea izan zen), edota azken 13 urteetan Astola aldizkariko lantaldean.
Ikerketa asko burutu ditu: trenak, argazkigintza eta Durangoko historia izan dira bere ikerketa gai nagusiak. Horietako asko argitaratu ere egin ditu, Gerediaga Elkartearen edota Durangoko Museoaren laguntzarekin.
Hiru lan nabarmentzen dira egindako guztietatik: Pablo Pedro Astarloari buruz argitaratutako biografia eta argazkigintzari buruzko “Minuteros: kale-argazkilariak” eta “Argazkigintza Durangon XIX.mendean”.
Herrigintzatik Durangoko hainbat ekimenetan parte hartu du. 1979-1981 urteen artean Ibaizabal aldizkariko erredaktore eta arduradun, Alpino Mendi Taldeak argitaratzen duen “Katazka” aldizkarian ere hainbat artikulu idatzitakoa da, eta Madalena auzoko jaietan argazki zaharren erakusketaren antolatzailere ere bai.
Gizon nekaezina, ekina, zorrotza, isila eta eskuzabala. Horrelakoa zen Jose Mari.