Izaskun Ellakuriaga Bustintza


2025/07/17


Izaskun Ellakuriaga Bustintza (Iurreta, 1972-02-14) atzo arratsaldean hil zen 53 urterekin. Gerediaga Elkarteko komunikazio arduraduna, Durangoko Azokaren komunikazio eta Marketinaren erantzulea eta Bizkaia Irratiko esataria zen.

Izaskun eskuzabala, ausarta eta nekaezina zen, oztopo denen gainetik pasioa eta lana arlo guztietan erakusten zuenetakoa; umore berezia zuen eta solaskide aparta zen.

Hasierako ikasketak Iurretako eta Durangoko ikastoletan egin zituen, eta EHUn kazetaritzan lizentziatu zen 1995ean. Unibertsitate berean Multimedia Negozioen Zuzendaritza Masterra egin zuen 2003an, eta komunikazioaren arlo diferenteei buruzko formakuntza jaso zuen: harreman publikoak, protokoloa, ekitaldien antolaketa, gizarte-sareak...

Euskaldunon Egunkarian, praktiketan, jaietako kronikak eta kultur kronikak idazten zituen eta astero bertsolaritzari buruzko kronika argitaratzeaz arduratzen zen. Bertsolari aldizkarian erredakzio kontseiluan parte hartu eta artikulu batzuk idatzi zituen. Bertsotan ibilitakoa zen, Jon Lopategirekin “Kanpatxu” barnetegietan parte hartutakoa; bertsotan, gai jartzaile eta epaimahaikide ibili zen.

1994tik 2003ra Durangaldeko Eraz astekarian erredaktore eta zuzendari lanetan jardun zuen , eta ondoren komunikazioko beste esparru batzuetan lan egin zuen.

Mikel Laboarekin "Kiromantzidxa" (Lekeitio 10) errezitatzen, kontzertuetan parte hartu zuen (1998- 2001)

Hainbat erakundetako komunikazio aholkularia edo arduraduna izan zen, hala nola Berrizko udalean, Durangoko Kurutziaga Ikastolak 2005ean antolatutako Ibilaldian eta 2009ko Euskal Herriko Bertsolaritza txapelketan. 

Iurretako Kofradiak gertutik ezagutu zituen Izaskun Ellakuriagak. Ordezkari izateko saiakera ere egin zuen, baina emakumea izateagatik ez zuen onespenik jaso. 

Ikasten jarraitzeko grinaren erakusle, ingelesa hobetzeko asmoz 2012an (18 hilabeterako) Zeelanda Berrira eta Australiara joan zen. Ingelesa sakondu ahala, bertako kultura eta bizitza ezagutzeko aukera izan zuen. Sator hegalariak (2024) liburuan esperientzia hau elkarrizketa mamitsu batean azalduta agertzen da.

Lekukom komunikazio agentzia sortu zuen Marijo Deogracias kazetariarekin.

Irratia eta euskal kultura ziren bere pasioak. Irratia benetan maite zuen, goizeko 6:00etatik aurrera Bizkaia Irratian (FMko 96,7 dialean) bere ahotsa entzungai genuen.

Agur lagun, zuk egindako lana da gure ondarea.