Iurretako kofradiei buruzko liburua kalean dago
2023/09/06
“Iurretako kofradiak. Iraganari etorkizuna ematen”
Iurretako kofradien eta Gerediaga Elkartearen lankidetzak kofradien ibilbide historikoa jaso duen argitalpena izan du helburutzat. Dibulgazio lana da argitaratutako liburuaren helburua, baina batez ere, kofradiak jendarteratzea.
Argitalpenaren aitzakian, dokumentazio historikoa batu eta ikertu da, eta azken 50 urteetako lekukoen testigantzak ere jaso dira. Batutako guztia argitalpenerako prestatzeko ardura Iurretako Markel Onaindia Txabarrik (testuak eta bideo grabazioak), Jon Irazabal Agirrek (dokumentazioa eta artxibo historikoa) eta Eñaut Aiartzaguena Bravok (diseinua eta maketazioa) izan dute. Argazkirik gehienak, bestetik, Iñaki Irazabalek utzitakoak izan dira.
Liburua 5 eurotan salgai egongo da Iurretakopi dendan.
Libururako jasotako lekukotzak bideoan grabatu dira eta Markel Onaindiak 25 minutuko ikus-entzunezko laburra ekoiztu du kofradien historia laburbilduz. Ikus-entzunezko horren emanaldia irailaren 14an, ostegunean, izango da. Hiru aurkezpen saio izango dira 17:00etan, 18:30ean eta 20:00etan. Lekurik ez da erreserbatuko eta aretoa bete arte utziko da sartzen saio bakoitzean.
Dibulgazio lanera begira, gainera, libururako batutako dokumentazioa eta bideoak webgune berezi batean sareratzea ere bada asmoa.
Argazkian, gaur egin den liburu aurkezpenean parte hartu duten egileak eta Gerediaga Elkarteko eta Iurretako Kofradien Batzordeko ordezkariak, ezkerretik eskumara: Markel Onaindia, Gorka Lazkano, Goiuri Sopelana, Olatz Plazaola, Eñaut Aiartzaguena, Jon Irazabal eta Alaitz Gerediaga.