Gerediagako foru zelaian lehenengoz aire libreko zinema antolatuko dugu
2020/05/30
- “Oraingoz Izen Gabe” eta “Errementari” fillmak eskainiko dira
- Ekainak 8, larunbata, 18:00etan lehenengoa eta 20:00etan bigarrena.Doan.
Gerediaga Elkarteak, Durangoko Merinaldearen Amankomunazgoaren laguntzarekin, Durangaldeko historian esanahi handia duen Abadiñoko Gerediagako foru-zelaia ezagutzera emateko egitasmo berri bati hasiera emango dio. Urtero kultur ekitaldi bat antolatzea da asmoa eta XIX. Mendean Merinaldeko “legebiltzarra” izan zen lekua bisitatzeko aitzakia izatea.
Lehenengo ekitaldia aire libreko zine emanaldia izango da. Ekainaren 8an, arratsaldeko 18:00etan hasiko da eta bi pelikula emango dira. Biek ere, Durangaldearekin lotura dute.
Oraingoz Izen Gabe (1986) - Zuzendaria: Jose Julian Bakedano
Hamar egunetan Durangaldean grabatutako filmea da. Zuzendariak berak aitortzen duenez, berez hiru astetan grabatu beharko litzatekeena. Jose Luis Borges idazle argentinarraren “La Intrusa” izenburuko ipuinean oinarrituta, Bakedanok Bernardo Atxagari gidoia eskatu zion.
Ingalaterratik ekarritako ekipoarekin, argazki zuzendaria Gabriel Beristain izan zen eta haren laguntzailea John Madison. Musika, berriz, Anton Valverdek eta Peer Raben-ek ipinitakoa.
Aktore nagusiak, Durangaldeko Iro Landaluze, Felix Arkarazo, eta Elene Lizarralde eta Jose Luis Iriondo izan ziren.
Bi anaia, baserritarrak biak, elkarrekin bizi dira. Egun batean, emagaldu bati ostatua emango diote eurenean. Emakumearen etorrerak erabat aldatuko du anaien bizimodua eta harremana.
Errementari (2018) – Zuzendaria: Paul Urkijo
Patxi Errementaria ipuin klasikoan oinarrituta sortutako istorioa da. Lehenengo Gerra Karlista amaitutakoan, Arabako herrixka batean, gertaki bat ikertzen dabil Diputazioko komisario bat. Patxi izeneko erremantari bakarti batenera eramaten dute ikerketek. Inguruko herrietan, baso barruan bizi den errementariaren gaineko esames asko dago: lapurretak, hilketak eta deabruarekin dituen tratuak. Egun baten, Usue izeneko neskato batek errementariaren etxean sartzea lortzen du eta agerian geratzen da Patxiren egia.
Protagonisten artean durangar bi daude: Uma Bracaglia lehenengoz aktore lanak egin zituen Usueren paperean, eta Eneko Sagardoy deabruaren paperean. Patxi Errementaria Kandido Uranga euskal aktorea da. Beste aktoreen artean, Ramon Agirre, Itziar Ituño edota Josean Bengoetxea ere nabarmentzen dira. Eta filmean, paper txikiagoan, eskualdeko beste hiru ume ere agertzen dira: Nahia Garcia, Haizea Garcia eta Eloi Ruiz de Erentxun.
Alex de la Iglesias aktore, zuzendari eta ekoizleak ekoiztuta filmea da eta zine fantastikoan sailkatzen dute. Nazioarteko jaialdietan parte hartu eta hainbat dira jasotako sariak. 2019an ere Goya sarietarako izendatu zuten, efektu berezien atalean.
Doan eta azpi-tituluekin
Gerediagako foru-zelaiko emanaldiak 18:00etan hasiko dira. “Oraingoz Izen Gabe” filmea emango da lehenengo, ostean pelikulako gora-beherak kontatuz solasaldi laburtxoa izango da. Eta “Errementari” filmea iluntzeko 20:00etan hasiko da.
Bi filmeak ahozko eta lekuan lekuko euskaran grabatutako filmeak dira. Jose Julian Bakedanorena eskualdeko euskaran eta Paul Urkijok Araban galdutako euskalki baten trazako euskara erabili zuen. Jatorrizko hizkuntzan, baina gaztelerara azpi-idatziekin emango dira bi pelikulak.
Emanaldia doakoa izango da. Edaria eta snack postu bat ere izango da.