Gerediaga Elkartea 2017ko Sabino Arana sariduna


2017/12/22


Gerediaga Elkarteak 2017ko Sabino Arana saria jasoko du. Sariak ematen dituen Sabino Arana  Fundazioak horrela erabaki du elkarteak "Durangaldeari, bereziki, eta Euskal Herri osoari egin dion ekarpen handiagatik". Koopera, Ramón Barea, Abel Barriola eta EZ beti da EZ ekimenak ere jasoko dute saria.

2017ko sariak emateko ekitaldia Bilboko Arriaga Antzokian ospatuko da, 2018ko urtarrilaren 28an 12:00etan egingo den kultur jaialdi batean.

Sabino Arana Fundazioak ematen dituen Sabino Arana sarien XIX. edizioa izango da aurtengoa. Sariok urtero-urtero ematen dira euskal abertzaletasunaren sortzailearen jaiotzaren urteurrena dela eta. Sari horien bidez, Fundazioak aitortza egiten die gizarteari zerbitzu esanguratsua eskaintzeko gaitasun agerikoa erakusten duten pertsona, erakunde edo elkarteei.

Sabino Arana Fundazioak Gerediaga Elkartea aintzatetsi eta saritu nahi du, elkarteak Durangaldeari, bereziki, eta Euskal Herri osoari egin dion ekarpen handiagatik. Juan Mari Atutxa Fundazioko lehendakariaren esanetan, "diktaduraren urte beltzetan ereindako haziak Durangoko Azoka bilakatu du euskal kulturgintzaren eta sorkuntzaren erdigune, elkargune eta nahitaezko hitzordu, bai eta euskal kultura mundura zabaltzeko erakusleku ere. Bost hamarkadatan, Gerediaga Elkarteak Durangaldeko ondare historiko, artistiko eta tradizionala zaintzen eta zabaltzen jardun du eta aurrendaria izan da Memoria Historikoa lantzen eta aldarrikatzen”.

Sariei buruzko informazio gehiago, Sabino Arana Fundazioaren webgunean.