Funcorri buruzko jardunaldia egingo da Elorrion ekainaren 4an


2022/05/25


1955etik aurrera, Euskal Herrian hainbat proiektu kooperatibista jarri ziren abian eta giro horretan sortu zen Elorrion Funcor kooperatiba Andoni Esparzaren eskutik. Esperientzia laburra baina emankorra izan zen. Galdategia edota nekazal makinaria saltzeko fabrika izatetik, euskarazko lehen ikastola, “arte” unibertsitatea, txirrindulari talde profesionala, Laboral Kutxaren sortzaile, edota Ama lur euskarazko lehen film luzearen sustatzaile izan zen. Andoni Esparza Lagunak taldeak ekainaren 4rako antolatu duen jardunaldian Gerediaga Elkartea laguntzaile izango da.

Funcor, galdategia batetik eta bestetik, nekazal makinaria ekoizten zuen kooperatiba izan zen. Atzerrira teknologia esportatu zuen estatu espainiarreko lehenengo empresa izan zen. Euskal Herriko lehenengo doako ikastola sortu zuen, eta ondoren ikasketak egiten laguntzeko bekak eman ere bai. Garai hartan, Suedian zuten moduko gizarte laguntza autogestionatu sistema osatu zuten.
Kultur munduan ere bere alea utzi zuen. Jorge Oteizaren asmoekin bat eginda, umeei zuzenduta artearen esperimentaziorako unibertsitatea abian jartzeko saiakera egin zen Elorrion. Ama lur (1968) filmearen finantziazioan ere zeresana izan zuen. Elorrioko Arriola antzokiaren sorreran ere egin zuen ekarpena. Eta 60ko hamarkadan, Funcorri esker, Elorriok txirrindulari talde profesionala izan zuen.
Azpimarratzekoa da, bestetik, Funcor Laboral Kutxaren sorreran izan zela.

Andoni Esparza Gallastegi - Sortzailea
Andoni Esparza Gallastegik sortu zuen Funcor Elorrion 23 urte zituela. Aurten betetzen dira 10 urte hil zela ( 2012ko ekainaren 1ean, Iruñan). Enpresa familia baten hazitakoa, bizitza osoan zehar empresa proiektu ugari sustatu eta lagundu zituen beti kooperatibimosaren baloreak ardatz hartuta.
Funcor (Elorrio) eta Euskaldunak (Martzilla) kooperatibak izan ziren bere enpresa ekimen garrantzitsuenak.
Esparzaren ideia kooperatibismo herrikoi bat egitea izan zen; herrian ardatza jarrita, teknologian eta ekonomian ezezik, kulturan eta hezkuntza ere indarrak jarri behar zirela sinistuta lan egin zuen.
1970eko hamarkadara arte iraun zuen Andoni Esparzaren proiektuak. Durangoko epaitegian kereila kriminala jarri zuten diru erabilera desegokia leporatuta. Epaile titularrak atzera botazuen arrazoi nahikoa ez zeudela argudiatuta. Bigarren kereila bateri erantzunez behin behinean kartzela zigorra jarri zuen ordezko epaileak. 1979an epaiketa izan zen eta salatutako guztiak absolbitu egin zituzten.

Ekainak 4 – Jardunaldia: "Funcor, Kooperatiben Elorrioko hazia"
Goiz bateko jardunaldian, Funcor izan zena ezagutzera emateko hainbat hitzaldi labur izango dira. Andoni Esparza Gallastegi sortzailearen profila eta Funcorrek abian ipinitako ekimen ezberdinak aipatuko dira. Izan ere, gizarteko arlo ezberdinetan eragin zuen Elorrion
Lekua: Elorrioko Alkartu Elkarte gastronomikoan (Berriotxoa kalea, 27)
Ordua: 10:30-13:00
Izena ematea: gerediaga@gerediaga.eus / 946818066

 

Andoni Aizpuruk aurkeztutako hitzaldi laburrak izango dira. 
“Funcor. Zer gertatu zen?” - Andoni Basabe
Andoni Esparzaren ideiak, asmoak eta borrokak ezagutzeko aukera emango digu Jardunaldi honek. Funcor zer izan zen, zer eraiki nahi zuen, Elorrion hasi eta Euskal Herri osorako, eta nola galdu zen proiektua.

 

“Andoni Esparza y Funcor. La persona y su obra” - Julia Itoiz
Funcor enpresa-esperimentu paregabea izan zen. Ohiz kanpoko norbaiten irudimen eta grinaren fruitua.

 

“Funcor ikastetxea eta “Credito al honor” - Iñigo Agirre
Funcor ikastetxea aitzindaria izan zen Elorrion, diktadura frankistaren garaian, euskarazko irakaskuntzaren sorreran. Eta ez derrigorrezko hezkuntza etapan bakarrik, baita oinarrizko lau batxilergoetan ere. Andoni Esparzak gizartearen sustapenerako zuen interesa areagotuz, "ohorezko kredituek" Unibertsitatera sarbidea ahalbidetu zuten, baliabide ekonomiko faltagatik ezin zutenei.

 

“Elorrioko Eskola Esperimentala. Proiektu pedagogiko esperimental bat” - Mikel Onandia
1960ko hamarkada erdialdean, diktadura frankista betean eta euskal kultur pizkundearen testuinguruan, aurrekari gabeko proiektu pedagogiko bat definitu zen Elorrion. Funcor kooperatibaren baitan, Jorge Oteizaren eta Andoni Esparzaren elkarlanaren ondorio, Jose Antonio Sistiaga eta Esther Ferrer artistek Célestin Freinet pedagogo frantsesaren lana abiapuntu hartuta Elorrioko Eskola Esperimentala jarri zuten martxan, ekimen labur bezain aurreratua.

“Funcor: Txirrindularien lantegia” - Rikardo Ajuria
1961 eta 1962 urteko denboraldietan jardun zuen Funcor txirrindulari talde profesionalak. 2001ean, taldearen ibilbideari buruzko liburua argitaratu zen eta Ricardo Ajuria izan zen egileetako bat. Urte biko ibilbide oparoari errepasoa egingo dio.

 

“Funcor eta Mondragon, bi eredu kooperatibo kontrajarriak” - Jabier Lertxundi
Mondragon Taldearen prestakuntza eta garapen estrategikoari buruzko ikerketa lan sakon baten emaitza den liburua argitaratuta dauka Jabierrek, Elorrioko Funcorren kontrajarria izan zena.

Gerediaga Elkartea laguntzaile

Elorrioko Udalarekin eta Laumunarrieta 1937 Elkartearekin batera, Gerediaga Elkartea jardunaldiaren laguntzailea izango da Andoni Esparza Gallastegi Gizartegintza Elkarteak antolatutako ekimenean. Beñat Gaztelurrutia elkarteko kudetzaileak gure partehartzea hitz hauekin azaldu du jardunaldien prentsaurrekoan:

“Gerediaga Durangaldeko herri elkartea da eta Funcor Durangaldeko ondarea eta historia den aldetik parte hartu behar genuela argi ikusi genuen horretarako gonbitea luzatu zigutenean.
Gainera, elkartetik argitaratzen dugun ASTOLA aldizkarian, Funcorri buruzko bi ikerketa lan ere argitaratu ditugu.
Funcor esperientzia labur emankorra garanduko da jardunaldietan. Mahaitik azalpenak eman, baina entzule datorrenak ere ekarpena egiteko aukera zabala izango du. Gai ikamikatsua izan arren, iragana aztertzeko ezin dela aitzakia izan uste dugu. Iraganeko akats eta azertuetatik aurrera begirako ariketa bat izatea nahiko genuke”