Durangoko Museorako esku-hartze artistikoa sarituko du Sormen Beka berriak


2024/06/04


Azken urteetan, Durangoko Azokak Durangoko Arte eta Historia Museoan ere ekitaldiak antolatu ditu. Horregaitik, deialdi berrian sormen bekarako proposamenak museoan edo/eta museo inguruan egiteko esku-hartzeak izateko erabakia hartu dugu. Edozein diziplina aintzat hartuta aurkeztu ahal izango dira proposamenak: piktorikoa, eskultorikoa, ikus-entzunezkoa, performatiboa, e.a. Lanak, beste aldetik, “Euskara Jendea” izango du gaitzat.

Sarituko den proposamena, 2025ean Durangoko Arte eta Historia Museoan eskaintzea da  helburua.

Gerediaga Elkarteak eta Durangoko Udalak zazpigarren urtez abian jarriko dute Durangoko Azokan emango duten SORMEN BEKA DA. Egitasmoaren helburua euskarazko sorkuntza sustatzea eta sortzaile berriei  bidea erraztuz euren lana ezagutzera ematea da.

15.000 euroko saria eskuratuko du irabazleak eta 2025eko azokarako egon beharko du lanak prest.

Deialdirako proposamenak bidaltzeko epea dagoeneko zabalik dago eta irailaren 21era arte aurkeztu ahal izango dira.

Deialdi berriari buruzko informazio guztia durangokoazoka.eus webgunean dago jasota, deialdiaren oinarriak eta aurkeztu beharreko dokumentazioaren ereduak ere bai.