Durangaldeko sortzaileek eskaintza berezia izango dute Azokako denda birtualean
2020/10/21
Durangaldeko partehartzaileek eskaintza berezia izango dute aurtengo Durangoko Azokan, Gerediaga elkartearen eta Durangoko Amankomunazgoaren arteko elkarlanari esker. Edizio honetako salerosketa gune bakarra denda birtuala izango da, www.durangokoazoka.eus webgune honetan, eta bertan Durangaldeko sortzaileek online dendan lortzen duten diru-sarreren %100 jasoko dute.
Osasun-krisiak baldintzatuta, aldaketa ugari izango ditu Durangoko Azokako 55. edizioak. Besteak beste, modu zuzenean eragingo dio salmenta guneari: aurten salerosketa online egin beharko da, eta, beraz, ez da erakusmahairik egongo da Landako Gunean. Erakusmahaien ordez, webgune honetan denda birtuala sortuko da, eta abenduaren 4tik 8ra kulturzaleek hamaika produktu erosi ahal izango dituzte bertan: liburuak, diskoak, ikus-entzunezkoak, komikiak, papergintza... Landakon egon ohi diren produktuak euskal kulturaren plaza digital erraldoi honetan batuko dira.
Gerediaga elkartearen eta Durangoko Amankomunazgoaren arteko elkarlanari esker, azken urteetan "Durangaldeko argitalpenak" erakusmahaia egon da Landako Gunean, eskualdeko produktuen eskaintzarekin. Horrela, aurreko edizioetan, sortzaileek ez dute erakusmahaiak alokatzeko beharrik izan euren produktuak saltzeko.
Aurten ere Durangaldeko partehartzaileek eskaintza berezia izango dute Azokan. Eskualdeko sortzaile, argitaletxe, diskoetxe, ekoizpen enpresa, banatzaile edo erakundeek saltzen dutenaren %100 jasoko dute (gainontzeko partehartzaileei, Durangaldekoak ez direnei, saldutakoaren %12 kobratuko zaie kudeaketa eta logistika gastuengatik).
Eskaintza hau jasotzeko aukera izateko ezinbestekoa izango da helbide fiskala Durangaldean izatea: Abadiñon, Atxondon, Durangon, Elorrion, Garain, Iurretan, Izurtzan, Mañarian edo Zaldibarren. Halaber, beharrezkoa izango da Azokako araudia betetzea, hots, produktua euskarazkoa izatea edo euskal gaiak jorratzea.
Izena emateko gerediaga@durangokoazoka.eus helbidera idatzi edo 94 681 8066 telefono zenbakira deitu beharko da, produktuaren nondik norakoak azalduz, azaroaren 1era orduko.