Durangaldeko saguzarren inbentarioa ezagutzeko aukera


2023/05/09


Otxandion egingo da Durangaldeko Ikerlari Gazteeen Sariketako sari-banaketa, maiatzaren 12an, 19:30ean, bolalekuan. Bigarren edizioko irabazleen lanak ezagutzeaz aparte, Durangaldean egiten dabiltzan saguzarren inbentarioa ezagutzeko aukera egongo da, eta Otxandion zehar ibilaldi laburra ere antolatu dugu saguzarren behaketarako.

Gerediaga Elkarteak Durangaldeko ondarea, historia, kultura eta gizartearen zaintza, ikerketa eta zabalpenarekiko zaletasuna eskualdeko gazteen artean bultzatzeko helburuarekin sortu zuen iaz Durangaldeko Ikerlari Gazteen Saria.

Bi kategoriatan antolatu dugu bigarren deialdiko sariketa. 18 urtera artekoen kategorian 500 euroko saria banatuko dugu eta 19-35 urte bitartekoen artean 1000 euroko saria eramango du saridunak. Guztira, 27 lan aurkeztu dira: 23 gazteen kategorian eta 4 nagusienean.

Gazteen kategorian 18 urteko Jokin Camarero Garai durangarrak eskuratuko du saria. Durangaldeko mitologiari buruzko artikulua idatzi du. Durangaldean zehar egin dituen ibilbideetako eta lekuetako pertsonaia mitologikoak eta euren inguruko kondairak azalduz egin du idatzizko lana. Epaimahaiak Durangaldeko mitologian Mariz haratago sakondu duela azpimarratu du. Lan txukuna, irakurterraza, eta narrazioaren antza daukala zehaztu du. Lanak dituen irudi zainduak ere nabarmendu ditu epaimahaiak, eta gazteen kategorian egoteko maila altuko lana dela ere gaineratu du.

Nagusien kategorian, Xixili Bengoetxea Llonak 23 urteo otxandiarrak jasoko du 1000 euroko saria. “Garavilla S. A. arrain kontserba fabrika Otxandion: arrain kontserba industria eta emakume langileen lan prozedura eta baldintzak” izenburuarekin, 50eko hamarkadan Otxandion martxan egon zen kontserba fabrikaren historian sakondu du.

Epaimahaiak azpimarratu duenez, “zerotik abiatutako ikerketa lana izan da eta orain arte ezaguna izan ez den gai baten inguruan, bizi izan zutenen testigantzak jasoz. Durangaldeko zenbait emakumeren ikusgarritasunaren alde egin du. Lana ondo egituratuta egotea ere balioan jarri dute, testuinguru orokor batetik tokiko historiara hurbilduz”.

Epaimahaia, Iruri Altzerreka Martinez zuzenbidea ikaslea, Helene Sanchez Zelaia bioteknologian graduatua eta Liher Larrañaga Gabiria ikus-entzunezko komunikazioa ikasitako gazteek osatu dute beste behin.

Sari-banaketa, hitzaldia eta Saguzarren behaketa
Durangaldeko Ikerlari Gazteen sari-banaketa Otxandion izango da, maiatzaren 12an, arratsaldeko 19:30ean. Otxandioko bolatokian izango da ekitaldia. Horretarako, Otxandioko udalaren laguntza izango da.

Sari-banaketaren ostean, Durangaldean egiten dabiltzan saguzarren inbentarioa ezagutzeko aukera egongo da hitzaldi bidez. Horretarako, Aitor Arrizabalaga Escuderok aurkezpen labur bat egingo du. Eta horren osagarri, beranduago, 21:00etan hasita, Otxandion zehar, ultrasoinu-detektagailuak erabilita, saguzarren bilaketa eta behatze irteera laburra egingo da.

Aitor Arrizabalaga Escuderok beste bi lagunekin batera Gabako elkartea sortu dute, naturarekiko zaletasunak batuta. Gaueko basabizitzaren kontserbaziorako elkartea da, eta besteak beste, eskualdeko saguzarren identifikazioan jarduten dute.