Durangaldeko Ezpatadantzari Eguna Zaldibarren ospatuko da maiatzaren 25ean


2024/05/20


Iaz Abadiñon hasitako bideari jarraituz, aurten Zaldibarren ospatuko dute Durangaldeko Ezpatadantzarien Eguna. Durangaldeko dantza taldeak eta txistulariak batuko dira, herriaren ondare diren heinean duten garrantzia azaleratu eta aldarrikatzeko. Horretarako, Gerediaga Elkarteak kudeaketan laguntza eskaini die eta Zaldibarko udalak ekitaldia egiteko dirulaguntza.

Zaldibar, ezpataz eta txilinez beteko da maiatzaren 25ean, goizez. Izan ere, ospakizunak eguerdi aldera egingo dira, 13:00ean hasita Euskal Herria etorbidean.

Ospakizunean, Zaldibarren ezezik, Durangaldean eta Euskal Herrian ere lan handia egin zuen Balendin Lasuen Solozabal zaldiabartarra omenduko dute. Izan ere, astebetera, ekainaren 1ean, 100 urte beteko direlako bera jaio zela. Politikari, enpresaria, euskal idazle, eta historia-ikertzailea izan zen. Euskal Herria kultura aldetik suspertzeko lan handia egin zuen. Zaldibarko Koraleko presidente modura eta Zaldibarko alkate modura, herriko kultur bizitzan eragin eta ereindakoa izan zen. Tartean, dantzaria ere izan zen, zortzi urterekin 1932. urtean, atera zen lehenengoz plazara.

9 herri, 11 dantza talde eta Durangaldeko txistulariak

Zaldibarko Euskal Herria etorbidean izango da Ezpatadantzarien ospakizun ekitaldi nagusia. Hala ere, Olazar frontoiaren aurrean batuko dira eskualdeko dantza taldeak, ospakizuneko argazki ofizialak atara ostean kalejira bertatik hasteko.

Dantzarien saioaren aurretik, Balendin Lasueni omenaldia egingo zaio. Zaldibarko Udaleko eta Gerediaga Elkarteko ordezkariekin batera, Zaldibarko Koralak parte hartuko du omenaldian. Balendin Lasuenen familiakoak ere bertan izango dira.

Omenaldi xumearen ostean, Dantzari-Dantzako 9 piezak dantzatuko dituzte: Agintariena, Zortzinangoa, Ezpata joko txikia, Banangoa, Binangoa, Ezpata joko nagusia, Launangoa, Makil-dantza eta Txotxongiloa. Amaieran, soka-dantza edo erregelak egingo dira.

12:30 Kalejira

13:00 Balentin Lasuen gogoan ekitaldia, Zaldibark Koralaren parte hartzearekin.

13:15 Dantza-saioa (euria bada, Kiroldegian izango da)

14:30 Erromeria kalerik kale Gorka Valdes soinulariarekin eta Mikel Elizaran panderojolearekin.

 Larunbateko erakustadian parte hartuko duten taldeak honek dira:

Zaldibarko dantza taldea

Berrizko Iremiñe eta San Lorentzo

Durangoko Kriskitin eta Txoritxu Alai

Iurretako dantzariak

Mallabiko Gazte Alai

Otxandio Urduri

Mañariako Andra Mari

Zornotzako Udabarri

Garaiko dantza taldea

Durangaldeko txistulariak, besteak beste, Jaizale eta Udazken txistularien taldeak

 Zaldibarko dantza taldea gaur egun

2010eko hamarkada hasieratik Zaldibarren dantza taldea, eten luze baten ostean aktibo dagoela esan daiteke. Lehenago egon ziren dantzari batzuk eta dantzara gerturatutako dantzari berriak. Batez ere, San Andres jaietan ateratzen dira plazara, azaroan, eta uztaileko jaietan ere bai. Ospakizun, ekitaldi eta auzoren bateko jaietan eskatu ezkero ere han izaten dira.

Talde mixtoa da Zaldibarko dantza taldea, neska zein mutil ataratzen dira plazara Dantzari-dantzan. Baina, badauka, Durangaldeko beste dantza taldeetatik bereizten dituen elementurik: jantziak. Izan ere, ezpatadantzarien artean, gizon zein emakume izan, ezberdin jantzita ateratzen dira plazara.

Gaur egun, astero batzen dira entseguetan eta 20 bat laguneko koadrila da guztira, nahiz eta finkoak bederatzi lagun izan.

 

ARGAZKIA: Iaz Abadiñon ospatutako Durangaldeko Ezptadantzari Egunekoa (Txelu Angoitia)