Durangaldeko emakumeen ekarpena nabarmenduko da Ondarearen Europako Jardunaldietan


2018/09/25


Emakumeek historiako garai guztietan bete izan duten eginkizuna testuinguruan kokatu eta kulturaren sorkuntzan duten eta izan duten ekarpena erakusteko jardunaldiak izango dira. Guztira hamar proposamen prestatu ditu Gerediaga Elkarteak, Durangaldeko hainbat udalen eta Bizkaiko Batzar Nagusien laguntzarekin.

Besteak beste nabarmentzekoak dira, Mañarian Errose Bustintzaren ipuinen arrastoan eta Garain Pilar Zubiaurre hobeto ezagutzeko egingo diren ibilaldiak. Izurtzan eta Iurretan baserri munduko emakumeen garrantzia azpimarratuko dute. Berrizen Mesedetako Amen komentua eta udaletxea bisitatuko dira, emakume misiolari eta markesen bizimoduetan murgilduz.

Mallabiako herriak lehenengoz parte hartuko du jardunaldiotan. Arana jauregira eta Andra Maria Jasokundearen elizara bisitak testuinguru horietako emakumeen zeregina erakutsiko du. Otxandion eta Elorrion, berriz, hiribilduetako emakume anonimoen historiak plazaratuko dituzte.

Zaldibarren eta Abadiñon, berriz, bi pertsona ezagun izango dira protagonista: Toti Martinez de Lezeak, Zaldibarren, emakumea izateaz hitzaldia eskainiko du. Abadiñon, berriz, Gerediagako foru-zelaian, sorgiñak zigortzeko hartutako erabakia gogoratuko dute. Horretarako, lehenengo Gerediaga Elkarteko Belen Bengoetxeak eta Jon Irazabalek hitzaldia eskeiniko dute eta gero Kepa Junkera eta Sorgiñak taldearen kontzertua izango da.

Urriko asteburuetan izango dira ekitaldi guztiak. Bisitak eta ekintza guztiak doakoak dira, baina aurrez izen ematea beharrezkoa da leku kopuru mugatua dagoelako guztietan. Izena emateko bi bide daude: ejardunaldiak@gmail.com helbidera idatzita edota 673 005 981 telefono zenbakira deituta.

Deskargatu irudian klik eginda, Durangaldeko jarduerak jasotzen dituen eskuorria.