Denboraren aztarna ikusgai dago Angurreta Harrobia Arte Espazioan


2023/05/19


Arteaz eta naturaz gozatzeko lau instalazio erraldoik osatzen dute Angurretako kultur eskaintza berria. Tanadori Yamaguchi japoniarraren lanak dira. Gerediaga Elkartea natur ondarea eta artea uztartzen dituen egitasmoaren laguntzailea da. Erakusketa irailera bitartean bisitatzeko aukera egongo da.

Gure iruditerian giza esku-hartzerik behar ez duten leku magikoak daude. Baina, badira beste batzuk oharkabean pasatuko liratekeenak esku-hartze horregatik ez balitz. Horixe da, hain zuzen, Angurreta Harrobia Arte Espazioaren kasua: antzinako meatze-ustiapena, naturaz beteriko parajea, gizakiaren esku-hartzeari esker ezohikoa bihurtu da.

Tadanori Yamaguchi artista japoniarrak arteaz eta naturaz gozatzeko, eta, aldi berean, bisitariaren begirada zabaltzeko balio duten hainbat eskulturaren instalazioa sortu du. Lau piezek denboraren joan-etorriaren lekuko izan nahi dute.

Tadanori Yamaguchi (Nagoya, 1970) japoniarraren arte publikoko proiektuek adierazpen-sintesi sakona eta sentsibilitate estetiko bikaina dira, jatorri japoniarreko bere izaeraren emaitza. Bere lanek ingurunearekin hitz egin eta naturaren dinamismoa eta denboraren joana bilatzen dute.

Mañariako Angurreta Harrobia Arte Espazioan ere denboraren joan-etorriaren lekuko izatea lortzeko, aluminiozko estanpazio bat egin du artistak harriaren gainazalean. Estanpazio horren bidez, harriaren morfologia eskulturara transferitu, eta mendiak jasan duen ustiapen- eta eraldaketa-prozesuari buruzko informazioa jaso nahi izan du.

Eskulturak egitura poliedriko irregularrak dira. Hiru, lau edo bost alde dituzten irudi poliedrikoak kateatzen dira. Irudi horiek hainbat forma hartzen dituzte, sortu diren lekura egokitzeko. Horietako bakoitzak harrobiaren espazioarekin, dauden maila eta terrazekin edo utzitako paisaiarekin elkarrizketa ezberdina planteatzen du. Mugimendu infinituaren sentsazioa sortzen dute, aurpegien argitasuna etengabe aldatzen delako eguzki-argia islatzean, argi-itzalen joko dinamiko sortuz.

Izaera minimalista duen egiturazko formalismoak estetika dekonstruktibista definitzen du instalazio honek. Ad hoc instalazioak, tokiko memoria errespetatuz, gauzen iraunkortasunari buruz galdetzen du, baita errealitateari eta irudikapenari buruz ere.

Tadanori Yamaguchi (Nagoya, 1970)
Arte Sortzailean lizentziatua da Kyotoko Unibertsitatean (Japonia), gaur egun Asturiasen bizi da. 1997an, Vicente Díez Faixat arkitekto asturiarrak emandako Interbentzio Garaikideak Ondare Arkitektonikoan tailerrean parte hartu zuen, eta, topaketa horren ondorioz, Espainiara bidaiatzea erabaki zuen. Urtebete geroago, 1998an, Espainiara joan zen ikertzaile gisa, Kanpo Arazoetako Ministerioaren beka bati esker, Oviedoko Arte Eskolako Harriari Aplikatutako Arteen Moduluan proiektu bat garatzeko. Urte horretan bertan Candas-eko Eskultura Museoaren beka jaso zuen.

Harrezkero, hainbat erakusketa kolektibo eta indibidual egin ditu Asturias, Leon, Santander, Murtzia, Madril, Bartzelona, Portugal, Londres eta Japoniako erakusketa-areto eta museoetan.

Bisitak

Asteartetik ostiralera, arratsaldetan, 17:00etatik 19:00etara

Larunbata, igande eta jaiegunetan, eguerdian, 12:00etatik 14:00etara

Bisitak irailarera arte (abuztuak itxita) izango dira, doan, baina lagunduta. Bisita gidatuak, aldiz, enkarguz egingo dira bakarrik, pertsonako 5 euroko prezioan. Urritik aurrera enkarguzko bisitak bakarrik egingo dira. angurreta@gmail.com

Bisitez gain, kultur ekitaldiak ere antolatzeko asmoa dago. Ekainaren 4an Gehi Zazpi biolontxeko taldearen emanaldia izango da, eta uztailaren 8an Koldobika Jauregiren performancea ikusgai izango da.

Angurreta Harrobia Arte Espazioa
Arte garaikidea lantzeko espazioa 2021ean zabaldu zuten Mañarian. 1970eko hamarkadatik ustiatu gabeko harrobia da. Victor Arrizabala artista buru dela, kulturgune bat antolatzea erabaki eta elkarte bat sortu dute: Angurreta Harrobia Kultur Elkartea.

Victor Arrizabalaga artistaren lan batzuk ikusgai daude bertan, naturgunea errespetatuz. Harrobiko elementu mardulenak ere arte espazioaren parte dira, eskualdeko historiaren erakusle gisa.

Angurretako harrobi zaharra Mañariko Aldebaraieta auzoan dago. Bertatik ateratako harria ezaguna egin zen zeukan marmol kutsuko tonu beltzagatik. “Mañariko grisa” izenarekin entzuna izan zen.