Besoitaormaetxea: euskal baserriaren eredu


2017/06/11


Berrizko Sallobente auzoko Besoitaormaetxea baserriak lehenengoz frogatu du zientifikoki euskal baserriaren garapena zein izan den. Datatu diren frogei eskerrak dakigu XII. mendean leku horretan txabola itxurako eraikin errektagular batean bizimodua eraiki zutela. Horrekin batera, ikerketak erakutsi du euskal baserriaren sorrera eta garapenean gertatu diren etapa guztiak ezagutzeko eredu garbia dela Besoitaormaetxea.

Ikerketa lanaren abiapuntua
2014. urtean Berrizko Besoitaormaetxea baserria eraberritzeko lanan ondorioz, indusketa arkeologikoak egin zituen Gakoa enpresak. Aurkitutakoak izan zezakeen garrantziaz jabetuta Gerediaga Elkartearengana jo zuen eta lankidetzan ikerketa-lana sustatu genuen. Lan horren emaitzak ezagutzera emateko azalpen triptikoa, ikus-entzunezko laburra eta aurkezpen saio batzuk egingo dira. Egitasmo guztia aurrera ateratzeko Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Berrizko Udalaren laguntza ezinbestekoak izan dira. Ikerketa lan honek Bizkaiko ondare etnografikoaren zaintza, ikerketa eta zabalkunderako Bizkaiko Foru Aldundiak ematen dituen laguntza jaso du.

2014an egindako indusketa arkeologikoetan Besoitaormaetxea baserriaren lurzoru osoa aztertzeko aukera izan zen (Hau ez da ohikoa izaten. Normalean, metro koadro gutxi batzuetan egiten dira indusketak). Neurri handia batean, horri eskerrak eman ditu ikerketak hain emaitza onak Gakoako Teresa Campos arkeologoaren esanetan. Indusketetan aurkitutakoen artean honek nabarmetzen dira:

- Poste-zulo edo habe-zuloak
- Siloaren zuloa
- Etxolaren zorua izan zenaren froga, bustinez prestatutako zorua.
- Harrizko baserria eraikitzen hasi zireneko zimentazioa
- Korta eta dolareen aztarnak

Ikerketa arkeologikoan azterketa estratigrafikoak erabili dira, hiru dimentsiotako ereduak ere egin dira eta flotazio zein datatze radiokarbonikoak burutu dira. Azken proba honek (karbono 14 probari esker poste-zuloetan eta silo zuloan aurkitutako mikro ikastz partikulak aztertu dira) frogatu du datu zientifikoekin XII. Mendean etxola errektagular itxurako eraikinaren kokalekua izan zela Besoitaormaetxea. Estatigrafia teknikek lehenago ere etxola borobil baten aztarnak zeudela erakutsi dute, baina datazio absolutorik barik geratu dira horretarako beharrezkoak diren materiarik ez delako aurkitu.

Orain arte arkeologia eta arkitekturatik egindako hurbilketei esker euskal baserrien eredu bi izan dira aztergai: Mungiako Landetxo-Goikoa (Olentzero baserria) eta Itsasondoko Igartubeiti. Hala ere, baserriotan aurkitutako poste-zulo edota habe-zuloak ez dira inoiz datatu. Beraz, Besoitaormatxea da antzeko ezaugarriak izanda zientifikoki orain arteko hipotesiak frogatzeko eredua den baserria.

Besoitaormatxeak ahalbidetzen du eraikin bakarrean denboran zehar izan diren ekoizpen sistemak eta bizimodua aztertzea. Horri esker, baserriaren eboluzioa zein izan den, zein itxura izan duen, zein erabilera eta nolako bizimodua zuten interpretatzeko aukera dago. Arkitektonikoki ezezik, abiapuntu arkeologikoa izan duen lan honetan irizpide etnografikoak erabilita ere lan egin da. Oinarrizko datuekin euskal baserriak izan duen garapen lerro osoa zientifikoki frogatu da eta teorian azaldu izan denaren adibidetzat jo daiteke orain Besoitaormaetxea.


Ikerketa-lanaren zabalkundea
Ikerketa lan honen emaitzak ezagutzera emateko Gerediaga Elkartetik hainbat ekimen sustatu ditugu txosten akademikoaz harago:

  1. Eskuorria: euskal baserriaren garapena labur eta modu erakargarria azaltzeko eskuorria diseinatu da. Atelier arkitektura estudioaren laguntzarekin Imanol Larrinaga durangarrak garapenaren etapa ezberdinetan izandako eraikin motak ilustratu ditu horretarako.
  2. Ikus-entzunezko laburra: Labayru fundazioak Berrizko Udalarekin duen hitzarmenaren barruan, Besoitaormaetxea baserriko ikerketa-lanaren garrantzia azaltzen duen bideo laburra ekoiztu du.
  3. Bisitak eta aurkezpenak
    * Berriztarrei herrian daukien ondare garrantzitsua azaltzeko aurkezpena egingo da. Ekainaren 16an, arratsaldeko 19:00etan, Besoitaormaetxea baserrian bertan.
    * Ondarearen Europako Jardunaldietan Gerediagak koordinatuta antolatzen diren ekitaldietako baten baserria bisitatuko.
    * “Aro Modernoaren Arkeologia Euskal Herrian” jardunaldiak Gasteizen azaroan
  4. Argitalpenak

      * Astola aldizkarian erreportajea

       * Kobie Bizkaiko Foru Aldundiak argitaratzen duen aldizkarian.