Astola aldizkariko ikerketa lanek podcast formatuan ere izango dute zabalkundea
2023/06/13
2007tik, Gerediaga Elkarteak, urtero, Durangaldeko historia eta ikerketa lanak jasotzen dituen aldizkaria argitaratzen du. Argitaratuta dauden 16 zanbakietan jasotako lanetako batzuk entzuteko formatuan moldatu ditugu orain. Dagoeneko zazpi dira podcast formatuan egokitutako ikerketa lanak, eta elkartearen webgunean daude entzungai.
Iurretako Santa Apolonian lur hartu zuen hegazkinari buruzko pasartea, Anboto Damari buruzko teoria ezberdinak, Mikeldiko txerriari buruzko misterioa, Garaiko San Juan Momoition egindako aurkikuntzak, Durango kotxearen abentura, Elorrion izan zen eskola esperimentala eta Durangaldeko leinuen gerrak dira podcast formatuan moldatutako lanak. Guztiak, Edorta Barruetabeña durangarrak egokitu ditu modu erakargarrian entzungai egiteko eta Durangaldeko zazpi pertsona ezagunek jarri dute ahotsa: Felix Arkarago, Tere Eguzkiza, Maite Berriozabal, Maite Lopez, Iñaki Guridi, Andoni Aizpuru eta Esti Gonzalez. Podcast sarreretako ahotsa, berriz, Bizkaia Irratiko Miren Ezkurra esatariarena da.
Alde teknikoari dagokionez, Liher Larrañaga elorriarrak egin du edizio lana, eta grabazioak Durango Irratian eta Berrizko Lorentzo Records grabazio estudioan egin dira. Ekoiztutako lehen zazpi podcastak Durangoko Merinaldearen Amankomunazgoaren eta Durangoko Udalaren laguntza izan dute. Momoitioko aurkikuntzei buruzko podcastak, gainera, Garaiko Udalaren laguntza ere izan du.
Gerediaga Elkartearen helburua 2023an beste hiru ikerketa podcast formatura egokitzea da, eta formatu horretan espezializatutako sare sozialetan ere zabalkundea egingo du aurrerago.
Aurkezpen ekitaldi irekia – Ekainak 21 – Gerediagako foru-zelaian – 20:00
Dagoeneko ekoiztutako lehen zazpi podcastak Gerediaga Elkartearen webgunean daude entzungai. Hala ere, egitasmoaren jendaurreko aurkezpena irekia egingo da datorren astean, ekainaren 21ean, iluntzeko 20:00etan, Gerediagako foru-zelaian.
Ikuskizun formatua izango du aurkezpenak. Ekoiztutako podcast baten oinarritutako, Karrika antzerki taldeak kontakizun antzeztua egingo du. Ekitaldiaren bigarren partean, hurrengo ekoiztuko diren podcast berrietako baten zuzeneko irakurraldia egingo du Felix Arkarazok Gehi Zazpi biolontxeko taldearen zuzeneko musikak girotuta.
Aurkezpen ekitaldia amaitzeko, eta urteko egun luzeenari amaiera emateko, Eusko label produktuak dastatzeko aukera egongo da.
Astola Podcast egitasmoa aurkezteko ekitaldiaren laguntzailea Bizkaiko Batzar Nagusiak eta Abadiñoko Udala dira.