Ana Mari Valdubieco lekukoak egin die bonbardaketan hildakoei aitortza


2024/04/01


Ana Mari Valdubieco, 92 urteko durangarra, izan da aurten Durangoko bonbardaketetan hildakoei egiten zaien aitortza eta lore-eskaintzan omendutako lekukoa. 6 urte baino ez zituela, Santa Anan euren etxea bonbek zelan birrintzen zuten ikusi zuen. Gerediaga Elkarteak eta Durango 1936 Kultur Elkarteak sustatu dugun azken ikerketaren arabera, gutxienez 213 biktima izan ziren eta horietako 200i izen-abizenak jartzea lortu dugu. 

Kriskitin dantza taldearekin elkarlanean eta Durangoko Udalaren laguntzarekin, Andra Mari elizpean egindako oroimen ekitaldian 300dik gora herritar batu ginen martxoaren 31 arratsaldean. Estibaliz Gonzalez ermuarrak aurkeztutako ekitaldiko unerik hunkigarriena, sorpresaz, birramamari Haimar Olazabalek agurra dantzatu zuenekoa izan zen. 

Ekitaldian Kriskitin dantza taldearen partehartzeaz gain, Peio eta Itsua bikoteak rap doinuan orain dela 87 urteko sarraskia gogora ekarri zuten, eta Aitor Echarte eta Maite Lopezek Garaia Durangaldeko ikus-entzunezko bilduman jasota dauden lekukotzen irakurketa dramatizatua egin zuten.

Elorrion ekitaldia

Durangon ezezik, Elorrion ere ekitaldia egin zen martxoaren 31n. Laumunarrieta 1937 Elkarteak eta Elorrioko Udalak antolatuta, lore eskaintza egin zen San Juan eta Berriotxoa kaleen arteko monolitoan. Gerediaga Elkarteko Nerea Mujika presidenteak ere lora erramua utzi zuen bertan bonbardaketan hildakoen oroimenez.