Abadiñoko "Auxilio Social" barnetegiari buruzko lanak irabazi du Ikerlari Gazteen Saria


2024/04/25


  • 19-35 urteko gazteen kategorian bakarrik aurkeztu dira lanak, guztira bost.
  • Maiatzaren 3an, sari-banaketareko ekitaldian, Durangoko Astronomia Gela ezagutzeko Izarra Astronomia Elkarteak hitzaldia emango du.
  • Durangaldeko Ikerlari Gazteen Saria Durangoko Merinaldearen Amankomunazgoaren babesarekin antolatzen du Gerediaga Elkarteak.

 

Gerediaga Elkarteak Durangaldeko ondarea, historia, kultura eta gizartearen zaintza, ikerketa eta zabalpenarekiko zaletasuna eskualdeko gazteen artean bultzatzeko helburuarekin sortu zuen orain dela bi urte Durangaldeko Ikerlari Gazteen Saria.

Bi kategoriatan antolatu da hirugarren deialdia; 18 urtera artekoen kategorian ez da saririk eman, ez delako lanik aurkeztu,   eta 19-35 urte bitartekoen artean irabazleak 1000 euroko saria jasoko du. Guztira, 5 lan aurkeztu dira.

Epaimahaiak “Gaiaren originaltasuna, egindako ikerketa lana eta iturri anitzen erabilera” azpimarratu ditu: “Lan osoa da eta ondo egituratua dago. Marko teorikoaren lurreratze egokia egiten du, testuinguru zabal batetik hasita Abadiñoko errealitatera ekarrita. Horrez gain, frankismoaren beste aurpegi bat erakusten du, orain arte, horren ezaguna izan ez dena.

Epaimahaia, Iruri Altzerreka Martinez (zuzenbidea), Helene Sanchez Zelaia (bioteknologia) eta Ainhoa Zabarte Narbaiza (kazetaritza) gazteek osatu dute.

 

Lan irabazlea: Abadiñoko Nuestra Señora de Begoña barnetegia frankismoaren ongintza sistemaren hastapenetan (Marta Calvo Larralde)

34 urteko ikerlari gazte durangarrak eskuratu du Ikerlari Gazteen Sari nagusia, 1000 euro. Horrez gain, udazkenean argitaratuko den Astola aldizkariaren 18. zenbakian lanaren laburpen bat argitaratuko du Gerediaga Elkarteak.

Marta Calvo Larraldek Gizarte Langintza ikasketak burutu zituen eta Partaidetza eta Komunitate-Garapenerako masterra egin zuen. Hiru urtez Guatemalan haur eta nerabeen parte-hartzea sustatzeko proiektuak kudeatzen ibili zen. Handik bueltan, Ikasketa Feministak eta Generokoak masterra egin zuen. Gaur egun, Gizarte, Politika eta Kultura doktoretza egiten dabil.

Euskadiko haur eta nerabeen babes sistema ikertzen dabil doktoretzan. Babes sistemaren historia arakatzen, Abadiñon falangistek sortutako egoitza izan zela deskubritu zuen Sancho El Sabio Fundazioko artxiboan. Horrek eman zion Gerediaga Elkarteak antolatzen zuen sariketara aurkezteko ideia.

Abadiñoko Nuestra Señora de Begoña, Frankismoaren lehenengo hamarkadetan martxan jarri ziren Auxilio Social edo Gizarte Laguntza barnetegietan lehenengoetakoa izan zen. Hamar bat urte egon zen zabalik gaur egun “Zelaietako hotela” modura ezagutzen den eraikinean , eta 3 eta 7 urteko 65 bat ume egon ziren bertan aldi berean. Ustezko ume abandonatuak ziren edota egoera soziopolitikoek erangindakoak. Esaterako, gurasoen ideologiek bortxazko banaketa ugari eragin zituzten. “Sección Femenina”ko emakumeak arduratzen ziren zaintzaz eliza katolikoaren aholkuei jarraituta.

 

Sari-banaketa eta Durangoko Astronomia Gela

Durangaldeko Ikerlari Gazteen sari-banaketa Durangon izango da, Oktogonoan (Intxaurrondo auzoan), maiatzaren 3an, arratsaldeko 19:00etan.

Sari-banaketaren ostean, Durangoko Astronomia Gela ezagutzeko aukera izango da, Izarra Astronomia Elkarteak emango duen hitzaldi laburrari esker. Hitzaldiarekin batera, astronomia gela bera eta teleskopioa ikusteko aukera egongo dira.

Joaquin Rueda irakaslearen iniziatibaz, 80ko hamarkadaren hasieran behatoki astronomiko bat eraiki zuten Intxaurrondoko eskolan. Udalak ipinitako diruari esker hasi zuen bidea, eta denborarekin hainbat materialez hornitzen joan zen. Durangoko ikastetxeetako ume eta gaztetxoak joaten ziren bertara, eta gerora bisitarien jatorria hedatzen joan zen. Astronomiaren zaleekin Izarra elkartea ere jaio zen.