80. urteurrenean ere herritarrek bonbardaketaren biktimak oroituko dituzte
2017/03/29
Martxoak 31. Arratsaldeko 8ak. Durangoko Andra Mariko elizpea. Hori da azken hamarkadan durangarrek izaten duten hitzorduetako bat. Gerediaga Elkarteak eta Kriskitin dantza taldeak Udalaren laguntzarekin 1937ko martxoaren 31n hildakoak gogoratzeko oroimen ekitaldia antolatzen dugu.
Jone Guenetxea kazetariak aurkeztuko du aurtengo ekitaldia. Kriskitin dantza taldeak eta Iurretako abesbatzak parte hartuko dute. Ekitaldira hurreratzen direnek Xabier Amurizak idatzi eta Ander Erzillak musikatuta bonbardaketa gogoratzen duen abestia kantatzeko aukera izango dute.
Andra Mariko elizpearen hasieran bonbardaketako hildakoak gogoratzen dituen plaka dago jarrita. Lore-eskaintza Rosa Mendibe Atxurra lekukoak egingo du.1935-1936 urte artean Durangoko batzokian zabaldu zuten Ikastolako ikaslea izan zen. Roman Berriozabalek Nacionalismo vasco en Durango (1893-1937) liburuan jasotzen zuenaren arabera 1935eko urriaren 28an zabaldu zen ikastola Ezkurdiko Tabira antzoki-zinema eraikinean. Genoveva Leibar eta Felisa Arretxaga izan ziren irakasleak eta guztira 70 eskolaumek hasi zuten ikasturtea eta promozio horretakoa izan zen Rosa Mendibe Atxurra durangarra. Anekdota moduan, hain justu, apirilaren 1ean, 89 urte beteko ditu Rosa Mendibek.
Durango bonbardatu zutela 80 urte beteko dira. Bonbardaketaren ondorioak erakutsi asmoz, Andra Maria elizpeko zutabeak argazkiz jantziko ditugu aurten. Sabino Arana Fundazioaren eta Gerediaga Elkartearen artxiboko argazkien hautaketa batek osotuko dute “Irudi izoztuak vs izoztutako oroimenak” erakusketa. Apirila osoan zehar izango dira argazkiak horman. Bonbardaketa zer izan zen ezagutzera emateko helburuarekin ere, hirugarren urtez 100 bat lagunek oraindik ere ikusgai dauden bonbardaketaren markak bisitatuko dituzte euskaraz eta gazteleraz antolatu diren bisita gidatuetan.