1937ko bonbardaketak oroituz Durangon eta Elorrion ekintzak egingo dira
2018/03/20
Martxoaren 20an hasita ekintza ezberdinak egingo dira Elorrion eta Durangon 1937ko bonbardaketak gogoratzeko. Gerediaga Elkartetik, argazki erakusketa bat, bisita gidatuak eta oroimen ekitaldia antolatuko ditugu Durangon.
Elorrion Memoria Historikoaren Astea egingo dute, martxoaren 20tik 24ra. Hasteko, gaia lantzeko Elorrion sortu berri den Laumunarrieta elkartearen aurkezpena egingo dute. Udaletxean izango da ekitaldia, arratsaldeko 19:00etan. Ostean, Roman Berriozabalen eskutik orduko egoera soziopolitikoari buruzko hitzaldia izango da. Hitzaldiak, bisita gidatuak eta Intxorta frontera bisita dira asteko beste ekitaldiak.
Durangon martxoaren 21ean emango zaie hasiera ekitaldiei. Gerediaga Elkarteak ekoiztutako ikus-entzunezko laburra ikusteko aukera egongo da. “Bonbardaketaren aztarnak” bideo laburra Andra Mari basilikoako kaperan ikusgai izango da goizeko 9:30etik 12:30era. Lehen astean izango diren ekitaldiak, ikastetxeetako gaztetxoen parte hartzearekin egingo dira.
Durangoko ekitaldien artean egun nagusia martxoaren 31koa da. Gerediaga Elkarteak egun honetarako prestatu ditu ekitaldi gehienak. Hiru izango dira nagusiki:
- Jesuitak elizaren aurrealdean argazki zaharren erakusketa jarriko da.
- Durangoko bonbardaketak ezagutzera emateko bisita gidatuak antolatu dira martxoaren 31rako: 16:30ean gazteleraz eta 18:00etan euskaraz. Bisitak irudi estereoskopikoak lagunduta egingo dira. Hiru dimentsiotan moldatutako argazki zaharrak dira. Bonbardaketen osteko egunetan atarakoak. Leku kopurua mugatua denez, izena eman behar da aurretik: gerediaga@gerediaga.eus
- Oroimen ekitaldia. Andra Mariko elizpean, iluntzeko 20:00etan, bonbardaketetako hildakoak oroitzeko balioko du. Ekitaldian Kriskitin dantza taldearen partehartzearekin batera, aurten Txaber Altube eta Aitor Bizkarra bertsolariak ere izango dira
Deskargatu egitarauak:
*Argazkian, iazko oroimen ekitaldiko momentua.