100 urte bete dira Balendin Lasuen Solozabal zaldibartarra jaio zela


2024/06/01


1924ko ekainaren 1ean jaio zen Zaldibarren. Gaztetatik, gurasoen abertzaletasunak zipriztinduta, euskaltzaletu eta kulturzaletu zen. 2019ko abenduaren 26an, 95 urterekin hil zen arte, ibilbide oparoa izan du sustatzaile, idazle, ikerlari, enpresari eta politikari modura.

Politikagintzan, erakunde askotan nabarmendu zen: Demokraziako lehen alkatea izan zen Zaldibarren eta ikurriñaren ofizialtasun sustatu zuen “Bergarako alkateen” taldeko kide izan zen. Durango Merinaldeko Amankomunazgoaren sorreran ere lehenengo presidentea, Bizkaiko Batzar Nagusietako juntero ere jardun zuen, eta hiru legegintzalditan Eusko Jaurlaritzako kultura ordezkaria izan zen Bizkaian.

Kultur arloan ere ekarpen handia egin zuen Balendinek. Zaldibarko Koral Elkartea sortu zuen 1945ean. Elkartea ez zen abesbatza bakarrik, mota guztietako kultur eta kirol jarduerak bultzatu zituzten. Eta Gerediaga Elkarteko presidente modura ere, 1968tik 1972ra bitartean, ekimen askoren buru izan zen: Zaldibarren egin ziren nazioarteko antzerki jardunaldiak, Garain izan zen Euskal Herriko margolarien topaketa, edo Ermuan Euskal idazleen Biltzarra, Euskara Batuaren alde funtsezkoa.

Balendin Lasuen Solozabal ikerlaria eta idazlea ere izan da. Caja de Ahorros de Bizkaiak argitaratutako “Bizkaiko gaiak” bilduman hainbat liburu argitaratu ditu. Nabarmenagoak dira, “Zaldibarko koadernoak” izenburuarekin berak sortutako bilduma. Zaldibarko gai ezberdinei buruzko 20 ikerketa lan monografikoak argitaratu zituen.

95 urteko ibilbide oparoan, merezimendu osoz, sariak eta aitortzak ere hainbat jaso zituen. 2013an, Zaldibarko herriak egin zion omenaldia. Urte berean, Bizkaiko Foru Aldundiak Lauaxeta Saria eman zion. Eta 2007an, Bilboko Liburu Azokan Urrezko Luma jaso zuen kulturaren eta euskararen alde egindako lanagatik.