Durangaldeko Ezpatadantzari Eguna Amorebieta-Etxanon ospatuko dute apirilaren 25ean


2026/04/20


Eskualdeko dantza taldeak Amorebieta-Etxanon elkartuko dira apirilaren 25ean, Durangaldeko Ezpatadantzari Eguna ospatzeko. Dantzariekin batera Gerediaga elkarteak koordinatzen du jaialdia, eta udalaren laguntza ere badute. Erakustaldia egiteaz gainera, dantzaren sustapenean eragiten jarraitzea da ekimenaren helburua. 18:00etan dantza saioa eskainiko dute herriko plazan, eta 20:30ean jai-giroak Kittu taldearekin izango du segida, tabernarik taberna.

Amorebieta-Etxanok lehenengoz hartuko du Durangaldeko Ezpatadantzari Eguna. Horregatik, pozik azaldu da Ainhoa Salterain alkatea prentsaurrekoan. "Lehen aldiz, Amorebieta-Etxanon Ezpatadantzari Eguna ospatuko dugu, gure sustraiak eta euskal kulturaren aberastasuna balioan jartzen dituen hitzordu berezia. Harro gaude gure tradizioak bizirik mantentzen direla eta belaunaldiz belaunaldi transmititzen direla ikusteaz. Topaketa honek aukera paregabea eskaintzen digu elkarrekin partekatzeko, sentitzeko eta herri gisa dugun nortasuna indartzeko", adierazi du alkateak.


Jaialdia eguneratzen, dantza taldeak indartzeko

Gaur egungo joerak eta egoera soziala kontuan hartuta, jaialdia bera eguneratzen dihardute azken urteotan. Horri esker, anitzagoa eta zabalagoa da, ereduari zein lurraldeari dagokionez. Lehenago merinaldeari lotutako ekimena zena, gaur egun eskualde mailakoa bihurtu da. Izan ere, lehen merinaldeko ezpatadantzari taldeen erakustaldia izan ohi zen, baina, oraingo helburua ez da erakustaldia egitea soilik, sustapen lan aktiboa egitea ere bada. Dantza taldeek indar horren bultzada behar dute, lehengo indarra berreskuratu dezaten. Dantza taldeek sustapen horretan laguntzeko eskatuz jo zuten Gerediaga elkartera duela zenbait urte, eta harremana mantentzeko batzorde iraunkor bat eratuta dute. Plazara ahalik eta dantza talde gehien ateratzeko lana egiten dute, bakoitzaren eredua errespetatuz.

Gerediaga elkarteko Goiatz Pelaezek ekimenaren garrantzia nabarmendu du, dantzaz gozatzeaz aparte kultur ondarearen transmisioa lantzeko ere baliagarria delako. “Gure eskualdeko tradiziozko dantza erakustea eta sustatzea dira antolatzaileon helburuak. Globaltasuna espazioa irabazten ari den gizarte honetan, jarrai dezagun elkarren eskutik lanean, tokiko kultura eta nortasuna plazaren erdira ekartzeko”, azaldu du Pelaezek.


Amorebieta-Etxanoko Udabarri dantza taldeak 60 urte

Durangaldeko herri batzuetan gorde zen ondarea berreskuratu eta sustatzeko asmoz ekin zioten dantza taldeek Ezpatadantzari Eguna antolatzeari 1967an. Iurretan izan zen lehen edizio hori. Urte batzuetako etenaren ostean, 2023an berraktibatu zuten, eta orduantxe batu zen Amorebieta-Etxanoko dantza taldea ekimenera.

Aurten 60 urte bete ditu Udabarri dantza taldeak, eta urte osoan hainbat ekintza antolatu dituzte urtemuga ospatzeko. Beraz, Ezpatadantzari Eguna ere berezia izango da horregatik.

1966an sortu zuten taldea, euskal folklorea berreskuratu, bultzatu eta transmititzeko helburuz. Geroztik, ehunka herritar igaro dira dantza taldetik. Amorebieta-Etxanoko jai zein ekintzetan parte hartzen dute, eta umeei zein helduei erakusten ari dira. Gazte belaunaldi berri bat plazara atera da gainera.

Aurtengo ekitaldien bidez, dantzari izandako guztien ekarpena eta herritarren babesa eskertu gura dituzte.


Apirilaren 25ean parte hartuko duten taldeak

Hamar dantza taldek parte hartuko dute Durangaldeko Ezpatadantzari Egunean, eta euretako batzuek talde bat baino gehiago plazaratuko dute. Hauek dira taldeak:

  • Udabarri, Amorebieta-Etxanotik

  • Iremiñe eta San Lorentzo, Berriztik

  • Kriskitin eta Txoritxu Alai, Durangotik

  • Garaiko Dantza Taldea

  • Iurretako Dantzariak

  • Gazte Alai, Mallabitik

  • Andra Mari, Mañaritik

  • Urduri, Otxandiotik

 

Dantzariekin batera txistulari talde hauek ere egongo dira, dantzarako doinua ipintzen:

  • Udazken, Amorebieta-Etxanotik

  • Jaizale, Durangaldeko txistularien elkartea

  • Kaleik-Kale, Otxandiotik