Martxoaren 31ko ekitaldiak badatoz, memoria gizartean hedatzeko asmoz


2026/03/18


Gerediaga elkartearen jarduera garrantzitsuetako bat memoria historikoaren lanketa da. Azken hamarkadetan memoria hori jasotzeko eta berreskuratzeko lana egin du elkarteak, eta ekinbide horretan jarraitzea beharrezkoa dela uste du, izan garena ulertzea ezinbestekoa delako etorkizunean eragin ahal izateko.

Transmisioan indarra egin nahi du Gerediagak. "Memoria ezin da iraganeko akorduetan, bizipenetan, sentimenduetan soilik gelditu. Memoria gaurko gizartean ere hedatu behar dugula uste dugu", adierazi du Goiatz Pelaezek aurkezpenean. Horregatik, martxoaren 31ra begira antolatutako ekitaldiek transmisioa dute oinarrian.

Hauek izango dira Gerediagak sustatutako ekitaldiak:

  • Ikasleentzako bisita gidatuak martxoaren 23tik 27ra. Izena eman duten Durangoko 6 ikastetxetako 336 ikaslerentzako ibilbidea izango da, bonbardaketaren eragina ulertzeko baliagarria.
  • Aztarnak bisita gidatua publiko orokorrarentzat, martxoaren 28an. 11:00etan gazteleraz izango da, eta 17:00etan euskaraz. Interesa dutenek gerediaga@gaerediaga.eus helbidera idatzi edo 94 681 80 66 telefonora deitu dezakete izena emateko.
  • Martxoaren 25ean ikerketa berri baten aurkezpena. Izan ere, Intxorta 1937 elkartearekin eta eskualdeko talde memorialistekin batera Gerrako Haurren inguruko ikerketa abiatu da. Ekitaldian bertan emango dituzte orain arte bildutako xehetasunak eta aurrera begirako asmoak. 19:00etan izango da, Kurutzesantu museoan.
  • Amaitzeko, Martxoaren 31n bertan, 19:30ean, bonbardaketako biktimak oroitzeko ekitaldia, Kriskitin dantza taldearekin elkarlanean. Andra Mariko elizpeko ikuskizun horretan hainbat sortzailek parte hartuko dute.

 

Bonbardaketari buruzko ekitaldiok munduaren testuinguruan kokatu nahi izan ditu Pelaezek, gerraren aurkako mezua helarazteko. "Oroimen ekitaldi honek indar berezia hartzen du orain, mundua atzera bueltarik gabeko gerra baten amildegira doan zantzuak gero eta argiagoak diren une honetan. Bonbardaketa planifikatuekin egiten diren gerra modernoek Durangon dute aurrekarietako bat, eta durangarrok ondo dakigu zein izaten den horren emaitza: poblazio zibilaren heriotza eta herrien suntsiketa. Durangoko bonbardaketa oroitzea izan dadila munduari egiten diogun gerraren aurkako aldarria".