Bizkarsoro filmaren estreinaldia babestuko dugu Durangaldeko euskalgintzatik
2024/01/09
Bizkarsoro ikus-entzunezkoa urtarrilaren 12an estreinatuko da aldi berean Euskal Herriko zazpi lurraldetan. Durangoko Zugaza zineman izango da Bizkaiko emanaldia eta Durangaldeko euskalgintzako elkarteek babestuta izango da.
Bizkarsoro herria ez da existitzen eta, era berean, Euskal Herriko edozein herri izan daiteke Bizkarsoro.
Bizkarsorotarrak fikziozko pertsonaiak dira eta, era berean, euskaraz bizitzeagatik jazarriak izan diren euskaldun guztiak dira Bizkarsorotarrak. 1914tik 1982ra bitartean gertatzen diren bost istoriok osatzen dute filma. Ahozko lekukotzetan eta idatzitako testuetan oinarritutako fikziozko bost istorio dira, bost hamarkadatako kontakizuna.
Bizkarsoro gogoeta eta eztabaida sozialerako
Gure helburua, proiekzioarekin batera, filmaren mamiaz gogoeta eragitea da:
Euskaldunak eta euskarak pairatu duen eta egun pairatzen duen jazarpenari buruz. Filma joan den mendean kokatuta egonik ere, bertan kontatzen direnek ez dute gaurkotasunik galdu. Gaurko nerabe batek identifikatzeko moduko egoerak gertatzen dira Bizkarsoron.
Zugazako emanaldiak
Urtarrilaren 12an, ostiralean, arratsaldeko 18:30ean izango da Zugaza zinemako emanaldi nagusia. Bertan, filmearen ostean, Nerea Iriartek gidatuta, Hibai Castro Egia ikus-entzunezko argazki zuzendariarekin solasaldi laburra izango da. Durangoko bigarren emanaldia urtarrilaren 14an, domekan izango da, arratsaldeko 19:30ean.